Euskalgintzaren Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa abiatu du hezkuntza komunitatearekin batera. Astearte arratsaldean aurkeztu dute Gasteizko Foru plazan; hiru puntu zehatz lege berrian berariaz jasotzeko eskatuko diote Lakuako Gobernuari. Batetik, euskara ikas- eta irakats- hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa. Hau da, euskarazko ikasteredu orokortua; bigarrenik, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma; eta hirugarrenik hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea. Irailaren 12tik hasi eta urriaren 15a bitarte sinatu daiteke www.euskaragehiago.eus atarian edota ikastetxeetan jarriko diren mahaietan.

Azaldu dute proposamen hau ez duela Kontseiluak bere kasara bakarrik egin, hezkuntza komunitateko eragile nagusiekin lanketa eginez iritsi direla ondorio honetara baizik. Eta astearte arratsaldeko agerraldia ikas-komunitateko hainbat guraso, langile, ikasle eta irakaslerekin batera egin dute. Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Hik Hasi eta HEIZE hezkukntza-eragileak eta STEILAS, LAB eta ELA sindikatuak ere sinadura bilketaren sustatzaileak izan dira.