Ikastolen Elkartearen gidaritzapean, ikastola bakoitzaren ingurune soziolinguistikoa kontuan izanda (gurasoen hizkuntza-profila, auzoa, komunikabideak, haurren hizkuntza-joerak…), guraso, irakasle, ikasle eta erakundeak inplikatzen dituzten ekintzak antolatzen ditugu.
Helburu nagusia bizitzako esparru guztietan euskararen erabilpena bultzatzea da.
Proiektu hori aurrera eramateko, Euskaraz Bizi Batzordea daukagu, etapa ezberdinetako 4 irakaslez (HHko 1, LH 2. zikloko 2 eta DBHko 1) osatua. Horretaz gain, Euskaraz Bizi Guraso Batzordea ere badugu.
Urteroko ohiturari jarraituz, Olentzerori dedikatzen diogu abenduko azken eskola-eguna. Arrantzalez jantzita, Olentzero Santurtzitik ateratzen dugu, bere abestiak herriari eskainiz.
Tradizioz beteriko abestiak ere prestatzen ditugu, eguraldi ona eginez gero, kalean abesteko.
Ikastolak eskaintzen duen ikuskizun paregabea da. Ikastola osatzen dugun guztiok inplikatzen gara. Mozorro dibertigarriak janzteaz gain, tradiziozko dantza bat prestatu eta Santurtzi osoari aurkezten diogu. Jai giro aparta egoten da.
Etapa ezberdinetako zikloetan zenbait kanpaina antolatzen ditugu, gure ikasleek euskaraz hitz egin dezaten animatuz: Euskal Astea, Ikastolako jaia, filmak ikusteko Tinko programa…
LH 4. eta 6. zein DBH mailakoek euskal idazle famatu baten bisita jasotzen dute. Horretarako, idazlearen liburu bat irakurtzen dute eta berarekin partekatu nahi dituzten iritziak eta galderak prestatzen dituzte.
LH 5. eta 6. mailako ikasleek, bertsolaritza tailerra dute urritik maiatzera arte.
Euskararen Nazioarteko eguna ospatzea ezinbestekoa dugu, gure hizkuntzak duen garrantziaz jabetzeko. Euskal Herrian ez ezik, mundu mailan ere. Hainbat jardueraren artean, Euskal diaspora aztertu dugu. Txikitxoek “Irrien Lagunak” taldearen bisita jaso dute.
Gure euskal Iratxoa lagun berezia da guztiontzat. Bera baita, txikiak garenetik, euskaraz hitz egitearen garrantziaz kontziente izan gaitezen azaltzen diguna.
