Proiektuaren xedea gure ikasleen balorea den berdinen arteko laguntza ikastetxearen antelomanduan ezartzea da. Modu egituratu batean, ikasleen partehartze zuzena eta irakasleon laguntzaz, gure bizikidetza hobetzen lagundu nahi dugu, guztiok gusturago senti gaitezen gurea den ikastolan.

Patioan bakarrik ikusten dugun ikaskideari, edo, ez dakigun zein arrazoigatik, garai txarra pasatzen ari denari, edo besteon aldetik inolako atentziorik jasotzen ez duela sentitzen duenari lagundu ahal diegula uste dugu eta laguntza hori ikaskideongandik baldin badator are eraginkorragoa izango da, zalantzarik gabe.

PROZESUA

Helburuak eta beste ikastetxe baten esperientzia erakutsi ondoren, “ikasle laguntzaile”en hautaketa-prozesua burutzen dugu. Horretan gela bakoitzeko ikasleek ikasle laguntzailearen profila betetzen duten ikaskideak aukeratzen dituzte.

Hautatutakoen artean proiektuan parte hartzeko konpromezua baieztatu dutenekin osatzen da ikasle laguntzaileen taldea.

PRESTAKUNTZA

Ikasturtea hastearekin batera, formakuntza-saioak jasotzen ditugu ikasleok eta irakasleok. Saio horietan hainbat adituren laguntza izaten dugu (Alcala de Henaresko unibertsitateko irakasleak aurreneko urtean, beraiek baitira proiektuaren arduradunak) eta gurekin beste ikastetxetako partaideak ere egoten dira. Horien bidez, beste esperientziak ezagutu ahal izaten ditugu; ikaskideak laguntzeko teknikak praktikatu, bitartekaritza-kasuak simulatu… eta gure kezkak, zalantzak eta ilusioak konparti ditzakegu.

LANEAN

Poliki-poliki eta pausu seguruak emanez. Hamabostean behin biltzen da, tutoretza orduan. Lehengo eginbeharra bere burua ikastola-komunitate osora aurkeztea da. Aldi berean, behaketa-lanarekin hasten da, bizikidetzako puntu ahulak detektatu nahian. Hurrengo pausua egoerari buelta emateko neurriak eta prozedura ezarri eta bideratzea izaten dira.