Aurten ere indartsu dator Zirimolako lantaldea. Urte osoko lanak eman du bere uzta. Hala, Euskal Herriko haurrak saretu eta aisialdi hezitzaile eta euskaldunaz blaitzeko asmoz garatutako udaleku eskaintza da eskuartean duzuna.
Aurten ere, programazioak berritu dira, aurreko ikasturtean ikasitakotik, urtero bezala, programei berrikuntza pedagogiko esanguratsuak txertatuta: interesgune berriak eta hezitzaileen formakuntza espezifiko eguneratuak, besteak beste. Horrez gain, familien eskaerak aintzat hartu ditugu eta aurten 10 eguneko txandak eskainiko ditugu.
ZIRIMOLAk antolatzen dituen udalekuak Euskal Herri osoan zabaltzen dira, eta, haurrak erdigunean direla, honako balio hezitzaile hauek sustatzen dituzte: parte-hartzaileak dira, naturaz gozatzeko eta ikasteko jarduera-multzoez osatuak daude, ikuspegi inklusiboa eta herritarra dute, eta, ororen gainetik, euskaldunak dira.
Zirimolan gure udalekuak euskaratik eta euskaraz Euskal Herriko haur eta gazteen topagune izatea nahi dugu. Horretarako, egonaldi-eskaintza zabala dugu, norberaren berezitasunetatik abiatuta, haur eta gaztetxoek aukera izan dezaten euren gustuen araberako hautaketa egiteko, eta, jolasetik (ludikotasunetik) abiatuta, une gozagarriak bizitzeko.
Haur eta gazteek merezi dutelako, udan ikusiko dugu elkar!















