Heldu da beraz mozorrotzeko eta dantza zein algararako garaia! Hori dela eta, hurrengo otsailaren 9an, ostirala, ikastola guztia urtaroz jantziko da eta 0-3 urte bitarteko ikasleek jaia ikastolan bertan ospatuko duten arren, HH 4tik DBH 4ra bitarteko ikasleek, ohiko kalejirari ekingo diote herrian zehar irakasleekin eta gurekin parte hartzera animatzen diren gurasoekin batera. Jaiari Mirabueno parkean emango diogu amaiera txokolatada eder batekin.
Horren harira, bi ohar garrantzitsu:
- Ibilbidean zehar gurekin etorriko zareten familiei eskatzen dizuegu, mesedez, ez dezazuela oztopatu kalejiraren garapena, burbuilak eta espazioak errespetatuz. Profesionalek erantzungo diete ikasleen beharrei.
- Zuen seme-alabek txokolatearekiko edo bizkotxoekiko alergia edo intolerantziaren bat badute, jakinaraz iezaguzue e-mail bidez beraien izen abizenak eta maila adieraziz. Erreferentziarako pertsona: monika.pablo@gazbi.net.
Bestalde, urtero bezala jende mordoa mugiaraziko dugunez, gurasoen laguntza izugarri eskertuko genuke bai kalejiran zehar zein txokolatearen banaketan. Lan bakoitzerako 16-18 pertsona inguru beharko genituzke. Hemen duzue, beraz, boluntario gisa batean edo bestean izena emateko galdetegia. Ez dago aukerarik bietan apuntatzeko, kalejira amaitzen denerako txokolatada guztiz prest egon behar baita.
Aurtengo dantza Sorgin dantza izango da eta ikastolan praktikatzeaz gain, bideo honen bitartez aukera izango duzue etxean edota Santurtziko inauterietako jaitsieran ere dantzatzeko.
Gogoratu ikastolako inauteri eguneko ordutegia 9:00etatik 13:00etara izango dela eta ez dela jantoki-zerbitzurik egongo. Salbuespena: HHko 1. zikloa. Haien ordutegia 7:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da.
Mila esker zuen inplikazioagatik eta laguntzagatik egun berezi honetan.










