Joan den apirilaren 4an, gure LH6ko ikasleek azoka solidario paregabea antolatu zuten Bihotz Gaztea Ikastolan. Proiektu pedagogiko baten baitan garatutako ekimen honek ikasleen sormena, konpromisoa eta elkartasuna uztartu zituen, eta ikastola osoko komunitateari gonbidapena luzatu zioten parte hartzeko.
Beheko patioan antolatutako azokak giro berezia izan zuen: ikasleek prestatutako pintxo goxoak, etxetik ekarritako jostailuak, mahai-jokoak, panpinak, liburuak eta eskola-materiala mahaien gainean zabaldu ziren, bigarren bizitza bat emateko prest.
Ekimen honen bidez, haurrek ezagutu dute zer den elkartasun aktiboa eta nola ekintza txikiek eragin handia izan dezaketen. Ikasle bakoitzak gehienez 5 euro ekarri ahal izan zituen, sinbolikoa izan arren, “tantaz tanta, itsasoa osatzen da” ideian oinarrituta. Eta hala izan da.
Bildutako diru guztia Santurtziko Baobat Elkartearentzat bideratu da, ikasleek berak hautatutako GKE-a. Ekintza honekin, ikasleek ez ezik, familiak eta irakasleak ere parte hartze aktiboa izan dute, guztiok batera elkartasuna eraikiz.
Azoka honek, gainera, ikaskuntza esperientzia oso aberasgarria eskaini die LH6ko ikasleei: antolakuntza, talde-lana, komunikazioa, ekonomia arduratsua eta balore sozialak landu dituzte proiektuaren baitan.
Eskerrik beroenak familia guztiei, zuen parte-hartze eta ekarpengatik. Elkarrekin, elkar zaintzen eta mundua apur bat hobea egiten ikasten jarraitzen dugu.
Mila esker bihotzez! 💚💙


















