Zonifikazioa gainditzeko garaia da; Nafarroa bat egiteko garaia da. Ia hiru hamarkada pasa dira euskararen legeak lurraldea hirutan zatitu zuenetik, eta bada garaia egoera bidegabe honekin bukatzeko, Nafarroa garaia bat izan dadin. Bada garaia euskarak lurraldean mugarik izan ez dezan eta bada garaia herritar guztiek eskubide berak izan ditzaten.
Euskararekin bat egiteko garaia da; Nafarroa hegoalde eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko garaia da. Izan ere, baliabide eta bitarteko gehienak bere alde izanik, hamarkadetan nagusitu den diskurtso tranpatiak lortu du, askoren begietara, zonaldeko borondate nagusiaren aurka inposatzera datorren kanpoko elementu gisa kokatzea euskara. Iruzur handi hori eraisteko ordua da, euskara ez baita kanpokoa eta ez baita, inondik ere, inposatzen ari. Orain mende gutxira arte euskaldun izan dira Agerreko lurrak eta orain hamarkada gutxira arte tradizio euskaltzale handia mantendu da zonaldean. Orain, zonifikazioaren aroa gainditzeko, aldekotasun berriak bildu behar ditugu euskararentzat. Bada garaia, begietako benda kendu eta berriz Agerreko tradizio euskaltzalea berrartzeko.
Agerreko euskaltzaleok bat egiteko garaia da. Ez, noski, denok berdin aritzeko, baizik eta nork bere eremuan eta bere tresnen bidez sokaren mutur beretik tira egiteko. Indarrak batzeko egin behar dugu bat; eremu zabal honetan euskalgintzak izan beharreko lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzeko. Izan ere, zonifikazioa gainditzeko Errigoraren eta Agerraldiaren bidea ez baita kontu-eskatzean edo aldarrikapenean oinarritzen. Ezbairik gabe, egungo egoeraren erantzule nagusiak administrazioa eta bere kudeatzaileak dira. Baina, halakorik ukatu gabe, behetik gorako bidean egin nahi dugu guk indarra; herritarrak batu eta auzolanean aritzea da gure egitekoa.
Nafarroarekin bat egiteko garaia da; euskaltzaleon arteko elkartasunaren ordua da. Kasu honetan ere, nork bere batailari aurre egin behar dion arren, ezinbestekoa da denok batera aritzea. Baitaezpadakoa da Errezilgo euskaltzaleek Caparrosokoekin bat egitea, Durangokoek Ziburukoekin bezalatsu.
Kanpaina honetan saskiak eskatzea bada bat egiteko modu bat. Zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik, eta datozen hilabeteak erabakiorrak izan daitezke. Kanpaina honek eskaintzen du, elkartasuna adieraztetik harago, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari baliabide ekonomikoak emateko bidea, baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa sentitzekoa ere.
Azken urteetan egin dugun bezala, hiru saski izango ditugu kanpaina honetan: saski beltza (55€), Errigoraren saski klasikoa, saski berdea (65€), ekologikoa, eta saski zuria (75€), berezia. Gainera, iaz egin genuen gisan, saski bakoitzean egutegi txukun bat sartuko dugu.

KPIaren gorakadari aurre egiteko malabarismo ariketa ederra egitea tokatu da ekoizleekin, baina azkenerako lortu dugu saskien prezioak eta Agerreko euskalgintzak jaso beharreko ekarpena mantenduta, produktu-sorta txukunak osatzea.
DIRU-EKARPENA
Beti bezala, euskarari puzka kanpainako saskien balioaren %25 bideratuko dugu Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara, hau da, saski beltzetik 13,75€, berdetik 16,25€ eta zuritik 18,75€. Gure inguruan kanpainaren berri ematean, ondorengo bi ideiak azpimarratzea tokatuko zaigu:
- Euskarari puzka da Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari diru-ekarpena egiten dion Errigoraren kanpaina, eta
- Saskiaren balioa zenbat eta altuagoa, diru-ekarpen handiagoa euskalgintzari.
AEK, ikastolak eta Sortzen
Kanpaina hau Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean egiten du Errigorak eta kanpainak uzten duen diru-ekarpenaren zati bat Nafarroa hegoaldeko ikastolei, AEK-ren euskaltegiei eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratzen zaie.
Agerraldia
Horrez gain, ekarpenaren beste zati bat Errigorarengandik jaiotako Agerraldia ekimenari bideratuko zaio. Nafarroa erdialde eta hegoalde zabalean euskarari hauspo berria emateko sortu zen mugimendua da. Euskararen aldeko askotariko herritarrak saretu eta, proiektu komun baten baitan bilduta, euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du xede. Ekintza praktiko horiekin urteko agenda osatzen du Agerraldiak. Azken batean, Nafarroa zatitzen duen arrakala estaliko duen masa (kritikoa) sortzeko tresna bat da Agerraldia.
ESKAERAK
Online: errigora.eus
Gure webguneak eskaintzen du eskaerak jasotzeko bide eraginkorrena eta sinpleena. Beraz, azken urteetan egin bezala, lehentasunez bide hau sustatzen saiatuko gara:
- Akatsak saihesteko: kontsumitzaileak zuzenean egingo baitu eskaera eta, tartean informazioa galtzeko zein gaizki jasotzeko edo pasatzeko arriskua murriztuko baitugu.
- Ordainketak errazteko: online eskaera egiten duenak unean bertan zein aurrerago txartel bidez ordaintzeko aukera izango du. Horrek, eskatzaileari ez ezeik, sarekideoi eta, oro har, Errigorari ere egiten dio onura. Izan ere, batetik, banaketan diru gutxiagorekin ibili behar izango dugu; bestetik, likidezia emango digu ekoizleei lehenago ordaintzeko eta euskalgintzari diru-ekarpena arinago bideratzeko.
- Datu-basea elikatzeko: webgunearen bidez eskaera egitean kontsumitzailearen datuak gordetzen ditugu banaketaren informazioa helarazteko eta, espreski baimenduz gero, aurrerago interesekoa izan dakiokeen informazioa bideratzeko. Era horretan, hurrengo kanpainetan aurrez aurreko harremanaz gain, telematikoki ere eman diezaiokegu kanpainen berri, botoi bat sakatuta.
Eskuorria
Badakigu hainbatek zailtasunak izan ditzakeela internet bidez eskaerak egiteko edo nahiago izan dezakeela ohiko bideak erabiltzea eta, beraz, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egin daitezke eskaerak.
Inprimaki hauek jasotakoan komenigarriena datuak plataforman erregistratzea da. Modu horretan (beti ere eskatzailearen emaila baldin badugu) online eskatzeak ematen dizkigun hainbat abantaila izango baitugu: besteak beste, txartel bidez ordaintzeko aukera emango zaio kontsumitzaileari eta datu-basean bere kontaktua jasota geratuko da eta banaketaren berri emateko edo edozein arazo balego modu erraz eta bizkorrean jakinarazteko aukera izango dugu.
Telefonoa
Azkenengo kanpainetan, COVIDaren harira, telefono bidez eskaerak egiteko aukera zabaldu genuen eta aurten ere aukera hori mantenduko dugu: hegoaldetik deitzeko +34 848 87 12 23 zenbakia daukagu; iparraldetik, ostera, +33 532 09 35 45 zenbakira deitu daiteke. Edonola ere, ez dugu sustatuko telefonoaren erabilera, kudeatzeko zailtasun handiagoak ditu eta.
EGUTEGIA
- Eskaerak egiteko epea: urriak 22 – azaroak 10.
- Datuak sartu: azaroak 11 (banakako eskaera gisa erregistratzea da komenigarriena). Epemuga azaroaren 11 izanagatik, komeni da eskaerak jaso ahala erregistratzea, batetik, azken orduan lana ez pilatzeko eta, bestetik, kanpainan zehar eskaeren aurreikuspenak egin eta ekoizleei jakinarazteko.
- Baieztapenak: azaroaren 14ra bitartean (11:00etara arte).
- Deskargak:
- Araba: Azaroak 24 eta 25
- Bizkaia: Azaroak 25, 26, 28 eta 29
- Gipuzkoa: Azaroaren 21etik 25era
- Nafarroa Garaia: Azaroak 17 eta 18
- Ipar EH: Azaroak 18 eta 25
- Ordainketak: abenduaren 16ra arte
- Plataforman izango da ingresoak egiteko informazioa.
- Oso garrantzitsua da kontzeptua errespetatzea.
EKIMENAK
Aurten ere ekimen-mailan apustu handia egitera goaz. Pandemia atzean utzi dugu eta, aurtengo leloak dioen bezala, bat egiteko garaia da. Errigoraren indargune nagusietakoa izan dira aurrez aurreko harremanak eta hauek berriro ere indartzeko garaia da.
Auzolana (urriak 22)
Aurten deialdi berezia egingo dizuegu herrietako arduradun eta lagunei Ablitasgo auzolanean parte har dezazuen. Inoiz baino saski gehiago osatuko ditugu auzolanean eta, horren aitzakiarekin, Errigoraren komunitatearen elkargunea izan nahi du egunak. Hori horrela, Euskal Herrian zehar kanpainaren garapenean parte hartzen dugun ehundaka boluntarioak elkartzeko ahalegina egingo dugu. Izan ere, ederra izango da norberaren zonaldetik atera eta Euskal Herriko hainbat txokotako boluntarioak ezagutzea, denon artean eguna ospatzea eta indarrak hartzea euskari puzka kanpaina lantzeko.
Baina, Errigoraren kanpaina posible egiten dugun boluntarioentzat ez ezik, Agerreko euskaltzaleontzat ere egun berezia izango da auzolanarena. Izan ere, egun honetan fisikoki sentitzen dugu gainontzeko Euskal Herriko euskaltzaleen babesa eta bultzada eta indar-dosi ederra jasotzen dugun. Beraz, Euskal Herriko txoko guztietako euskaltzaleek bat egiteko eta elkarri indarra emateko eguna izango da urriaren 22a.
Goizean zehar egingo ditugu saskiak eta lanak bukatuta iritsiko gara bazkarira. Elkarrekin bazkalduko dugu eta arratsaldean bat egingo dugu Tuteran Hordago ekimenak antolatutako manifestazioarekin, Zonifikazioari Hordago! lemapean.
Eguna bukatzeko, nahi duena iluntzean Tuteran egingo den kontzertura (doan) hurbildu ahalko da.
*Izena emateko sartu webgune honetara eta datuak bete. Jakin ezazue haurrekin joatekoak bazarete ludoteka zerbitzua egongo dela saskiak egiten ditugun bitartean.
Ekimen gehiago
- Batetik, Agerraldiaren agendako ekimenak kanpainaren logikan txertatuko ditugu urrian eta azaroan:
- Urriaren 2an Santxikorrota herri-lasterketa izango da Argedasen. Bi ibilbide izango dira aukeran (10 edo 21 kilometrokoak) Bardeetako paraje ederrak zeharkatzeko (izen emateko: https://labur.eus/santxikorrota-izena).
- Urriaren 5ean Ager topaketak izango dira. Agerraldiaren urteko apustu nagusietakoa da Azkoienen zonaldeko ehunka euskaltzale batzea, Agerrean euskalgintzak izan beharreko lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzen hasteko.
- Aurtengo kanpainak Agerraldiaren inguruko ezagutza hedatzea ere badu helburu eta, horregatik, Agerraldiaren inguruko hitzaldiak antolatuko dira 4 herritan.
- Ikastolak, AEK eta Sortzen ere ekimen bana antolatzen ari dira, haien komunitateetan eragin asmoz:
- AEK-k Bilboko eta inguruko 19 euskaltegitako kideekin dastaketa/aurkezpena antolatuko du Kalderapekon, azaroaren 3an.
- Uribe Kostako ikastoletatik DBH 4ko ikasleak urriaren 22ko auzolanera bideratuko dituzte eta ondoren ikasle hauek haien ikastoletan kanpaina lantzea da asmoa.
- Sortzenek Iruñerriko eta D ereduko lerroa duen Agerreko herri bateko gurasoen arteko topaketa antolatzea asmo du, iaz egin zuen antzera.
- Kanpaina bukatu eta hurrengo astean ekitaldi berezi bat egingo dugu, Euskaraldiarekin batera, emaitzen berri emateaz gain, Euskaraldian parte hartzeko deia egiteko.
Ekitaldi horiei guztiei herriz herri eta auzoz auzo egingo diren tokiko dastaketa, hitzaldi eta bestelako ekimenak gehituko zaizkie. Herrietan egiten dena ikustarazteko eta kanpainari hauspoa emateko garrantzia bizikoa da irudiak —argazkiak eta bideoak— jasotzea. Irudiok (herrietan kanpainari lotuta edozein motako ekitaldi, ekimen, pegada, azoka, dastaketa edo dena delakoak jasotzen dituztenak) kalitate onenean gordetzeko, Whatsapp edo bestelako mezularitza-aplikazioen bidez elkarbanatu ordez, zuzenean igoko ditugu Errigoraren hodeira. Bat edo bati gauza konplikatua irudi dakioke, baina ez dago gauza sinpleagorik:
- labur.eus/puzka-irudiak helbidera sartu eta
- igo nahi ditugun irudiak hautatu.