Eskerrik asko Txantxiku ikastola, zuen eskuzabaltasunagatik eta elkartasunagatik.

Eskerrik asko, Txantxiku Ikastola

Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolan urte asko  daramatzagu pentsatzen nola igo ahal dugun gure ikasleen euskararen erabilera. Ideia batzuk bururatu eta burutu ditugu, baina, kasu gehienetan, emaitzak ez dira izan guk nahi genituenak. Jakin badakigu euskararen erabilera emozioekin lotuta dagoela, baina gure ikasleek eremu akademikoarekin soilik lotzen dute euskara, eta horrek ez du laguntzen erabilera sustatzen.

Izugarrizko inbidia ematen digute herri euskaldunetako ikastolek. Bere ikasleak hitz egiten entzuten ditugunean, horrelako erraztasunarekin, horrelako jarioarekin… Zer egin euskara bizi hori gure ikasleei eskaintzeko? Zergatik ez antolatu ingelesarekin antolatzen diren elkartruke modukoak? Horiek oso balorazio ona izaten dute eta oso eraginkorrak izaten dira hizkuntzaren erabilera bultzatzeko!

Ideia horri ekin genion eta iaz martxan jarri ginen. Ikastola askorekin harremanetan ipini, baina lehenengo urtean ez genuen lortu. Hala ere, ez genuen amorerik eman eta aurten ikastola batek baietza eman digu: Oñatiko Txantxiku ikastolak.  Ez dakit konturatzen diren zelako mesede egin diguten mesede!!!

Gure ikastolako sei ikaslek aste batean euskaraz bizitzeko aukera izan dute: bertako familiekin bizi izan dira eta egunero ikastolara joan dira eskolak hartzera. Ainara, Izaro, Irati, Arkaitz, Leire eta Paula oso pozik etorri dira Oñatitik eta esperientzia errepikatzeko gogoz geratu dira. Lehengo momentutik harrera abegitsua izan zuten, bai familien partetik, baita ikasle eta irakasleen aldetik ere. Horregatik ez zaie zaila egin bertara moldatzea. Gure ikasleen hitzetan,” Oñatiarrak oso  jatorrak eta osasuntsuak dira eta herria oso polita da. Merezi du elkartrukea berriz egitea, baina asteburura arte luzatzea ondo egongo litzateke. Herriko Gaztelekuan ekintza asko egiten direnez, momentu horietaz disfrutatzea ondo egongo litzatekeelako”. Ikastolara Chrome-book-a eraman dute eta EKI metodologiarekin jarraitu dute, beraz, gelan beste ikasleak bezala sentitu dira.

“Hasieran zaila egiten zitzaigun haien euskara ulertzea, oso azkar hitz egiten zutelako, baina laster egokitu ginen. Oso euskara jatorra, bizia eta polita egiten zuten eta zenbait gauza ikasi dugu, adibidez: ez ginen joaten, fan egiten ginen, edo oso txarto esan beharrean, jota txarto ikasi genuen. Orain gustatuko litzaiguke haiek Santurtzira etortzea eta gure herria eta ikastola ezagutzea.”

Eskerrik asko Txantxiku ikastola, zuen eskuzabaltasunagatik eta elkartasunagatik.

Hausnarketa moduan, esan beharra dago handia dela Ikastolen Elkartearen parte izatea. Lagun asko ditugu. Sarea handia da eta bakoitzak bere indarguneak besteekin partekatzeko prest dago beti.