Laster hasiko da 22. KORRIKA: martxoaren 31n Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian bukatuko du. Santurtzitik apirilaren 7an 04:52ean pasatuko da.
Ikastolan jada hasi gara euskararen jai esanguratsu honetarako dotore janzten. Hortaz, aipatutako data ailegatu baino lehen, zenbait ekintza martxan jarriko ditugu:
KORRIKA TXIKI: apirilaren 1ean. Gure herriko zenbait ikastetxerekin batera parte hartuko dugu ekitaldi berezi honetan. Laster honi buruzko informazioa zabalduko dugu (ordutegia, ibilbidea, jarduerak…), baina oraingoz egun horretarako gure kolorea urdina izango dela baieztatu dezakegu.
Halaber, jakinarazi nahi dizuegu Korrika aurkezpena otsailaren 25ean, ostiralean, izango dela Santurtziko AEK euskaltegi berrian, Larrarte Anaiak 18 kalean. Hiru hitzordu egongo dira, 18:00etan, 18:30ean eta 19:00etan.