Ikastolako kide agurgarri hori:
Gaurkoan, Bihar prozesuaren berri emateko idazten dizuegu, eta bide batez zuen parte- hartzea eskatzeko ere bai. Eskertuko genizueke, hurrengo lerro hauek arretaz irakurriko bazenituzte.
Zer da Bihar prozesua?
Bihar, Euskal Herriko ikastolok, 2021eko otsailaren 25ean aurkeztu genuen proposamena da. Proposamenaz gain, gogoeta prozesua ere bada, gure oinarrietan sakontzeko eta datozen urtetan Ikastolok euskal gizarteari egingo diogun ekarpena zehazteko erabiliko duguna.
Proposamen horrek, gure ustez, Euskal Hezkuntza Sistemak behar dituen ezaugarriak barnebiltzen ditu. Eta ez hori bakarrik, gogoeta egiteko, osatzeko eta praktikan jartzeko aukera ematen baitigu. Hau da, gaur biharkoaz hausnartu; etorkizunera begira jarri, aurrera begira.
Bihar gogoeta prozesuari, Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarrarekin emango diogu bukaera. Bertan Ikastolok gure hurrengo hamar urteetako estrategia eta gakoak aurkeztuko ditugu. Baina guzti hau bideratzeko Ikastolen komunitatea osatzen dugun guztion parte-hartzea ere behar dugu, izan guraso, langile edo ikasle. Talde bat gara, ezaugarri eta bizipen desberdinekin eta aniztasun honek aberastuko du prozesua eta hausnarketan sakontzeko aukera emango digu.
Gogoeta prozesuak bi fase izango ditu eta orain lehenengoari helduko diogu.
Parte-hartzeko modua erreza izango da, eta ez diozu denbora gehiegi eskaini beharko. Lehenengo ariketa galdetegi erraz bat besterik ez da izango. Galdetegi hau betetzeko hemen klikatuz edozein euskarritatik bete ahal izango duzu: mugikorra, tableta edota ordenagailutik. Betetzeko epea apirilaren 6ra arte. Gogoratu, zure parte-hartzea ezinbestekoa ikusten dugula.
Eskerrik asko, aldez aurretik, Bihar Prozesuan parte hartzeagatik.
Gaurtik da bihar!
Adeitasunez,
Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua
