2006-2007 ikasturtearen hasieran, Tutoretza Planaren barruan, Haur Hezkuntzako tutoreek, azken urteetan ematen ari den egoera arazotxuari erantzuna ematea proposatu zuten, erantzun seguru baina, aldi berean, inklusiboa: elikagaiekiko alergia duten ikasleei Ikastolako jantokian bazkaltzeko aukera ematea, irteeretan sortzen diren egoerak bideratzea…
Horrela, batzorde berri bat osatzea erabaki genuen: OAB (Osasun Arreta Batzordea). Orientabide Sailaren eskutik hasiera batean, Haur Eskola zein Haur Hezkuntzako tutore batzuk, zerbitzuen arduradunarekin batera (jantokiarekin jarraipena bermatzeko), beharrak aztertzen eta aipatutako egoerari irtenbide bat bilatzen hasi ginen.
Protokolo hau abiapuntu izanda, Ikastolako prozedurak dokumentu baten bitartez ezarri genituen, Ikastolako orduetan sortzen diren Osasun Arreta Bereziarekin eta istripu txikiekin lotutako hainbat egoerei erantzun sistematiko eta bateratua eman ahal izateko. Horretarako, dokumentu bereziak sortu genituen, hala nola, medikuengandik informazio zehatza eta praktikoa eskuratzeko agiria, osasun-arreta emateko gurasoen baimen idatzia, ikasleen osasun-fitxa pertsonala, ikasleen erregistroak, medikazioaren kontrolerako erregistroak, etab
Dokumentuazio guzti hau antolatzeaz gain, aipatu behar da, bereziki zaindu genuen aspektua ikasleen medikazioaren kudeaketa izan zela. Erantzun arina eta eraginkorra bermatzeko, Ikastolako leku garrantzitsuenetan, era argian eta eskuragarrian baina, aldi berean, Datuen Babeserako Lege Ofizialak eskatzen duen konfidenzialtasunez, prestatu genituen ikasle bakoitzarentzako botikinak.
Baina ideia bat bestearen atzetik sortzen joan zen: Elikagaiekiko alergiekin lotuta,
gaixotasun kroniko guztien trataera; botikin bereziekin lotuta, botikin orokorraren antolamendua; larrialdiekin lotuta, istripu txikien kudeaketa; medikazio bereziarekin, ohiko egoeretan eman beharreko medikazioari buruzko hausnarketa, etab. Era honetan, Ikastolako eguneroko funtzionamenduan, Osasun Arreta Arruntari dagokionez ere, irizpide bateratuez jokatzeko asmoz, gai guzti hauek jorratu genituen.
