Bizikidetza


Beste pertsonekin batera bizitzen ikastea da garatu beharreko konpetentzietako bat. Hau da, elkarbizitzarako heztea ezinbesteko beharra dago gaur egun gure gizartean. Hortaz, gure ikastola gune aberatsa da, hezkuntza komunitateko kide guztien artean elkarbizitza osasungarria lortzeko, hots, harreman positiboak sustatzeko, errespetuzkoak alegia.

Testuinguru horretan, gatazkak sortzen direnean era egokian kudeatu behar ditugu. Elkarrizketa erabili behar dugu konponbide adostuak lortzeko; izan ere, elkarbizitza planak tresna lagungarria izan behar du estamentu guztien partaidetza sustatu ahal izateko.

Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzak elkarbizitzen ikasi behar dugula adierazten du eta ikastolaren helburuetako bat da denboraz eta sakontasunez honen inguruan hausnartzea. Ezin dugu ukatu elkarbizitzak ikaskuntza – irakaskuntza prozesuan daukan eragin zuzena.

Elkarbizitza planaren burutzapenean hezkuntza komunitateko kide guztiek parte hartu behar dugu: irakasleak, ikasleak, familiak eta batzorde ezberdinetako kideak. Horretarako, gure esku-hartzea foro ezberdinetan izan beharko da, alde batetik, Bizikidetza Behatokian sortutakoan eta bestetik, bizikidetza taldean.

Bizikidetza Behatokia ikastolako elkarbizitza kudeatzeko organoa da. Bere xedea harreman positiboak eta elkarbizitza osasungarria eraikitzen laguntzea da. Behatokiarekin foro berri bat aldarrikatu nahi da eta hauek dira aurtengo zeregin nagusienak:

  • Hezkuntza Komunitate guztiari harreman positiboak sustatzen dituzten jarduerak proposatu.
  • Ikastolaren elkarbizitza arauak aztertu, araudiaren diagnostikoa egin eta hobetzeko neurriak inplementatu.
  • Harremanak hobetzeko estamentu guztiengandik proposamenak, egonezinak eta iradokizunak jaso.
  • Behatokiaren lan –plana prestatu, baita ebaluazioa eta urteko memoria burutu ere.